2009/03/04

Balantzaren argudioa.



"Aurkako bi planteatu eta biak ukatzeko helburuarekin biak ekiparatzearen figura mitologikoa"
.



Honela definitzen du Roland Barthesek ez-ez edo ezezko figura edo argudioa, hau da, "ez bata ez bestea" proposamenean ematen dena.

Ez eta ez, ukazio bikoitz hau sarritan agertzen da ideien alorreko eztabaidetan. Adibidez, ez kapitalismoa ez sozialismoa, honela laburbiltzen da burgesia tipiaren posizioa.

Zertan datza jarrera erdirakoi horren faltsutasuna? Roland Barthesek ondo azaldu duenez, burges tipiarentzat balantzaren modukoa da errealitatea. Burges tipiak platertxoetarik batean kapitalismoa imintzen du eta bestean sozialismoa, astunak dira biak, bata bezain astuna da bestea, eta burges tipiak ezetz diotso batari zein besteari, biak astunak direlako. Burges tipiak bere burua platertxoetarik at ikusten du, bera delako hain zuzen balantzaren orratza, bera delako arbitroa.

Burges tipiak, balantzaren argudioa erabiltzen duenean, bere buruaren zer ideia duen azaltzen du. Errealitateaz nazkatu eta orratza izan nahi. Bera da espiritualitate idealaren jabea eta astutasuna neurtzen duen balantzaren orratza bezain zintzoa eta zehatza, eta haraindikoa.

Burges tipia ez da ohartzen bera ere hortxe dagoela, gatazka lekuan, bere platertxoan, platertxorik baldin badago. esanez gero, zergatik ematen dio amore dagoenean dagoenari? Ezezko argudioa, hautatzeko unean ez hautatzeko eta gauzak daudenean uzteko trapukeria da. Gauzak daudenean uzteko, hauxe da funtsezkoena.

Joseba Sarrionandia: Balantzaren argudioa.
Ni ez naiz hemengoa, 1985 Pamiela.

2 comments:

  1. Demagun balantza mundua dela... ¿Non legoke NaBai? Haiek uste dute ziberespazioan barna bidai paregabean dabiltzala.

    Balantzaren beste aldean dagoenak ipuinak kontatzea gustoko omen du...

    ReplyDelete